Kultura eta Kirol Sailak Kirolaren Balioak Ekintza Egitasmoa aurkeztu du gaur goizean parlamentu egoitzan. Ekimen honen helburua Kirol esparruan lan egiten duten eragileak bi alorretan heztea da: batetik, kirolean aritzerakoan balioetan hezteak duen garrantziari dagokionez; eta bestetik, kirol gatazka eta jazarpen kasuetan nola lagundu eta esku hartzearen inguruan. Horrez gain, guraso, kirolari, teknikari, epaile eta abarren arteko elkarbizitza baketsuaren aldeko eta kirolaren balioak sustatu eta haien garrantziaz ohartarazteko programak bultzatzea du helburu.
Egitasmoa eskola adinean dauden pertsonei zuzenduko zaie nagusiki, baina kirolean jarduten diren bestelako eragileen parte hartzea bilatuko du ere: kirolari, teknikari, federazio, lekuan-lekuko erakunde, irakasle, ikasle, epaile, ikusle, senide eta kirol hedabideetako profesionalak.
Ekintza Egitasmoaren baitan, kirol bitartekariaren irudi berritzailea nabarmendu beharra dago. Haren egitekoa kirol gatazka eta jazarpen kasuetan esku hartzea da. Hori da egitasmoaren oinarrizko helburua eta, haren bitartez, eragileen arteko elkarbizitza baketsua bultzatu nahi da. Horrez gain, martxan jarri da kirol esparruan gertatzen diren gatazka eta jazarpenetan esku hartzeko bulegoa; eta esku hartzeko plan zehatza diseinatu da, kirol egiturari laguntza eskaintzeko tresna bezala erabiltzeko.