Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak (NKJFI) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Plan Estrategiko berri bat egiteko izapideak hasi ditu. Plan horrek 4 urteko epea izango du, 2025 eta 2028 artekoa, eta aurreko plana egin zenetik (2011) kirol arloan sortu diren beharrei eta erronkei erantzuteko balioko du.
Hala, plan berria egiteko lehen urratsa plana idazteko kontratua esleitzea izango da. Maiatzaren 29tik aurrera, lizitazioa Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu ondoren, eskabideak aurkezteko epea irekiko da, hamabost egun naturalekoa.
Lizitazioak sei hilabeteko epea aurreikusten du plana egiteko, 2024ko uztaila eta abendua bitartean, eta 50.000 euroko aurrekontua du. Hasteko, Nafarroako Kirolaren aurreko Plan Estrategikoaren ebaluazioa eta Nafarroako gaur egungo kirol sektoreen eta jarduera fisikoaren diagnostikoa jaso dira.
Asmoa da, gainera, parte hartzeko plan bat izatea, eta, horretarako, lurraldeko eta sektoreko lan-mahaiak deitzea; planari lotutako hainbat arlotan adituak diren pertsonen panela eratzea; eta bilerak egitea Nafarroako Kirolaren Kontseiluarekin, INDAFeko eragileekin eta Nafarroako kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko beste erakunde eta pertsona adierazgarri batzuekin. Prozesu horrek utzitako ekarpenak eta ondorioak dokumentu batean eta emaitzen azken txostenean sartuko dira, plana idazterakoan kontuan har daitezen.
Azken txostena eta txosten exekutiboa aurkeztu ondoren, plana egiteko lanak barne hartzen du, halaber, planaren jarraipena, ebaluazioa eta berrikuspena egiteko modua ezarriko duen dokumentu bat egiteko beharra.