Nafarroako Gobernuko kontseilari Rebeca Esnaolak eta Pirinio Atlantikoetako presidente Jean-Jacques Lasserrek hasiera eman diote Nafarroako eta Frantziako Haut Béarn eskualdeko (Pirinio Atlantikoak) 12 erakunde bazkidek parte hartzen duten proiektuar.
Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilari Rebeca Esnaolak gaur aurkeztu du, Larra-Belagua zentroan, “Larra-La Pierre 360” Europako proiektua. Ekimen horren helburua Erronkaribarreko eskualdean eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako departamenduan turismo jasangarri eta irisgarria bultzatzea da. Aurkezpenean parte hartu du, halaber, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidente Jean-Jacques Lasserrek, eta ekitaldia El Ferialeraikinean egin da.
Bi ordezkari horiez gain, proiektuko 12 erakunde bazkideak ere izan dira bertan: NICDO sozietate publikoa, bere zuzendari kudeatzaile Ramón Urdiáin eta Larra-Belaguako arduradun Julen Garjónekin —NICDO eta Larra-Belagua dira proiektuaren buru—; Urzainkiko alkate Tomás Urzainqui; Izabako alkate Carlos Anaut; eta Erronkaribarreko Batzar Nagusiko presidente Amparo Viñuales. Frantziako aldeko ordezkarien artean izan dira Aretteko alkate Pierre Casabonne, Aramitseko alkate Jean-François Cazeaux, Saint-Engraceko alkate Maryse Othart, Béarneko haranetako abeltzainen elkarteko presidente Marion Osirini eta Goi Béarneko turismo bulegoko presidente Lydie Althape.
Europako proiektu honek bere jarduerak Erronkaribarrean eta Baretouseko (Haut Béarn) San Martin Harriaren inguruan garatuko ditu. Proiektuaren ordezkariek azpimarratu dutenez, bi lurraldeek 1375ean sinatutako Hiru Behien Zergara arteko harreman eta lankidetza historikoa dute, gaur egungo mugaz gaindiko lankidetzaren jatorritzat hartzen dena. Orain, lankidetza hori Europako proiektu baten bidez gauzatzen da berriro, bi lurraldeen arteko elkarlanari indarra emanez. Helburua bi haranetan turismo jasangarria garatzea da, hazkunde ekonomikorako palanka izan dadin eta, aldi berean, biztanleria bertan finkatzeko eta enplegu edo ekintzailetzarako aukera berriak sortzeko.
Hobekuntzak eski pistetan eta turismo erabilerako eraikinetan
Guztira, “Larra-La Pierre 360” proiektuak 4,977 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik 3,25 milioi euroEuropako Batasuneko Interreg programaren bidez diruz lagundu daitezke. Nafarroaren kasuan, Europako funtsetatik 1.285.098 euro jasoko dira, eta horrek tokiko erakundeek aurkeztutako proiektuen %65 arte estaltzea ahalbidetuko du; proiektu horiek guztira 1.977.075 euroko balioa dute.
Besteak beste, Nafarroan honako jarduerak aurreikusten dira: mendiko eskirako eta elur-erraketetarako ibilbide bat sortzea, Larra-Belagua eta La Pierre-Saint-Martin estazioak lotuko dituena; via ferrata berri bat eta eskalada gune bat, baita jolasgune bat ere, El Ferial inguruan; El Ferialeko eta La Contiendako eski pistak handitu eta hobetzea; El Ferial eta La Contienda eraikinak berritu eta irisgarritasun irizpideetara egokitzea; eta Izaba eta Urzainkiko udalek eta Erronkaribarreko Batzar Nagusiak proposatutako proiektuak, hala nola ibilbide turistiko berriak, iturriak berreskuratzea (erabilera turistiko eta abeltzainerako), ibilbide historiko berrien seinaleztapena, San Martin Harriaren ingurua birgaitzea edo Erronkaribarreko Batzar Nagusiaren egoitzan hobekuntzak egitea.
Haut-Béarnen egingo diren ekintza nagusien artean daude ibilbideak balioan jartzea (Aramitsen eta Departamenduaren eskutik), ondare izaera duten artzain etxolak berreskuratzea, mendiko eski ibilbide berriak sortzea, eta hainbat azpiegitura berritzea: Arette udalerriak Nelson Paillou txaleta berritzea, Departamenduak La Pierre Saint-Martineko etxea egokitzea barruko jarduerekin, edo La Vernako leizeko harrera eraikina hobetzea. Halaber, bisitarien ibilbidea hobetuko da eta jarduera turistikoak dibertsifikatuko dira La Pierre-Saint-Martinen. Mendateari balioa emango zaio Juntako mugarria berrituz, ur-hornidura ezarriz eta txirrindularitza eskaintza hobetzeko hainbat jarduera eginez, baita Aretteko hirigunean esku-hartzeak eginez ere. Gainera, interes turistikoa duten proiektu berrien bideragarritasun azterketak egingo dira, besteak beste geoparke baten aukerari buruzkoak.
Kontseilariak nabarmendu duenez, “proiektu honek Europako lehentasun nagusietako bati erantzuten dio: turismo jasangarria sustatzea eta ondare naturala babestea. Helburu horiek Turismo Zuzendaritza Nagusiaren politika publikoen oinarrian daude. Gainera, 12 erakunde bazkideren benetako lankidetzan oinarritzen da, Nafarroako eta Frantziako administrazio publikoak, tokiko erakundeak eta lurralde-eragileak helburu komun baten inguruan batuz. ‘Larra–La Pierre 360’ turismo proiektu bat baino askoz gehiago da: lankidetzaren aldeko apustua da, mendiko kudeaketan berrikuntzaren aldekoa, ingurumen-jasangarritasunaren aldekoa eta Pirinioetako lurraldearen garapen orekatuaren aldekoa. Azken finean, aukera bat da gure haranek bizirik, dinamiko eta erakargarri izaten jarrai dezaten, tradizioa eta modernitatea elkarrekin aurrera eginez”.
Frantziako aldeari dagokionez, Jean-Jacques Lasserre presidenteak azpimarratu du “Baretous eta Erronkariren arteko truke historikoen indarra, eta nola horiek beste bazkide batzuekin batera Europako proiektu egituratzaileetan elkartzea ahalbidetzen duten. Proiektu hau funtsezkoa da turismo-dibertsifikazioaren erronkari elkarrekin aurre egiteko, haran hauen etorkizunerako ezinbestekoa baita. Era berean, nabarmendu du udalek datozen hiru urteetan izango duten zeregin erabakigarria lankidetza dinamika honetan”.
Proiektuaren aurkezpenarekin batera, El Ferial eraikinean proiektuaren jarraipenerako lan-mahaiak ere abiatu dira gaur, mugaren bi aldeetako 12 erakundeak bilduz. “Larra-La Pierre 360” proiektua Europako Batasunak %65ean kofinantzatu du Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez. POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugako eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea.