Proba urriaren 11n egingo da Iruñean, eta izen-emateen bidez bildutako diru guztia ANFASentzat izango da
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko (INDAF) Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Sustapeneko zuzendariorde Sandra Muñozek atzo parte hartu zuen ANFASen aldeko XIII. Nafarroako Lasterketa Solidarioarenaurkezpenean. Lasterketa datorren urriaren 11n, igandean, egingo da Iruñean.
LABORAL Kutxak sustatutako ekimenak izen-emateen bidez bildutako diru guztia ANFASi emango dio, eta finantza-erakundeak bere gain hartuko ditu antolakuntzaren gastu guztiak. Lasterketak INDAFen babesa du, eta kirola eta sentsibilizazioa uztartzea du helburu, desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa sustatzearekin batera.
Aurkezpenean, Sandra Muñozek kirolak gizartea eraldatzeko tresna gisa duen zeregina nabarmendu zuen, eta pertsona desgaituen ikusgarritasuna handitzeko eta komunitate osoari irekitako jarduera batean parte hartzea sustatzeko ekitaldi honen garrantzia azpimarratu zuen.
Bi modalitate eta adin guztientzako jarduerak
Lasterketa 10:30ean abiatuko da Baso Txokotik (El Bosquecillo), eta bi modalitate izango ditu. Aurrez aurreko probak 5 eta 10 kilometroko ibilbideak izango ditu. Modalitate birtualean, berriz, parte-hartzaileek Rockthesport aplikazioaren bidez egin ahal izango dute lasterketa, nahi duten lekuan eta unean.
Jardunaldian hainbat jarduera ere egingo dira Baso Txokoan, hala nola pintxo solidarioa, puzgarriak, aurpegi-margoketa, haurrentzako jolasak eta zumba masterclass bat.
Nafarroako Lasterketa Solidarioak 12.500 parte-hartzaile inguru bildu ditu aurreko hamabi edizioetan, eta 151.000 euro baino gehiago bildu ditu desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Aurtengo edizioan, dagoeneko 600 izen-ematetik gora egin dira, eta antolakuntzak iazko parte-hartze kopurura iristea du helburu; izan ere, aurreko edizioan 1.011 lagunek hartu zuten parte.