San Fermin torneoko finalak ezagutzen ditu dagoeneko bertan ariko diren pilotarien izenak eta, gaur Arbizun jokatutako finalerdien bidetik badoa, ikuskizuna itzela izango da. Izan ere, Sakanako bihotzean jokatutako bi partidak sekulakoak izan dira, kalitate handikoak, oso orekatuak eta emozioari azken-azken tantoraino eutsi diotenak. Bi partida ezin lehiatuagoen ostean, Amaia Aldai-Uxue Osesek eta Aizane Ibarrola-Enara Gamindek lortu dute Labriterako txartela, Goiuri Zabaleta-Nora Mendizabali (22-21) eta Olatz Arrizabalaga-Itxaso Erasuni (22-20) irabazita.
Egungo pilotaririk onenen aurka, Goiuri Zabaletak eta Aizane Ibarrola gazteek erronka handiak zituzten eta nota onarekin gainditu dituzte euren azterketak, nahiz eta bigarrenak bakarrik izango duen Labriteko finalean jokatzeko aukera.Eta kantxan aritutako zortzi pilotarien maila ikaragarria izan bada, ez da atzean geratu harmailetan bizi izan den giroa, jende asko gerturatu baita neskak animatu eta primerako jokoaz gozatzera.
Uztailaren 13an Labriten jokatuko den San Fermin torneoa beti da berezia eta gaur ikusitakoaren arabera, finalak ezin-hobea izateko osagai guztiak izango ditu. ETB-1eko kamerak ere ez dira faltako ikuskizuna zuzenean Euskal Herri osora zabaltzeko.