INDAFk urriaren 25era arteko epea ireki du kirolari eta kirolari lotutako ibilbide eta merezimendu nabarmenak aitortzeko hautagaitzak aurkez ditzaten erakunde eta kolektiboek
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak (INDAF) 2026ko Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Dominak eta Ohorezko Aipamenak emateko prozedura hasi du. Proposamenak urriaren 25era arte aurkeztu ahal izango dira, INDAFeko zuzendari kudeatzailearen irailaren 23ko 530/2026 Ebazpenaren arabera.
Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Dominek kirolaren praktikan edo jarduera fisikoen eta kirolaren zuzendaritzan, antolaketan, sustapenean, ikerketan eta garapenean nabarmendu diren eta ibilbide luzeak egin dituzten pertsonak edo erakundeak aitortzen dituzte. Halaber, 25 urtetik gorako epean borondatez eta ordainsaririk jaso gabe emandako aparteko zerbitzuak ere baloratu ahal izango dira, baita kirolaren balioei eta kirolaren bidez Nafarroaren nazioarteko proiekzioari egindako ekarpenagatik garrantzi berezia duten ibilbideak eta ekimenak ere.
Emakumeen kasuan, kirolean parekidetasuna sustatzeko helburuarekin, borondatezko zerbitzu horiek gutxienez 15 urtez ematea baloratu ahal izango da.
Bestalde, Ohorezko Aipamenek jarduera fisikoen eta kirolaren arloan garrantzi handia duten ekintza puntualak, Nafarroako gizartearentzat oso garrantzitsuak eta eredugarriak diren kirol-lorpenak, bai eta kirol-erakundeen 50., 75. edo 100. urteurrenak ere aitortzen dituzte.
Hautagaitzak aurkeztea
Proposamenak honako hauek aurkeztu ahal izango dituzte: Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta dauden kirol-erakundeek —federazioek, klubek eta kirol-entitateek—, Nafarroako toki-erakundeek, Foru Komunitatean egoitza duten unibertsitateek, Nafarroako komunikabideek eta INDAFek berak, Erakundeei Arreta eta Kirol Errendimenduaren Zuzendariordetzaren bidez.
Erakunde bakoitzak gehienez bi proposamen egin ahal izango ditu kategoria bakoitzean. Bi hautagaitza aurkeztuz gero, horiek parekideak izan beharko dute.
Proposamenak Nafarroako Gobernuak prestatutako formularioen bidez aurkeztu beharko dira, eta alegatutako merezimenduak egiaztatzeko aukera ematen duen dokumentazioa erantsi beharko zaie. Hautagaitzak aurkezteko epea 2026ko urriaren 25era arte egongo da zabalik.
Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Dominak Nafarroako Gobernuak emango ditu foru-dekretu bidez, kirolaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposatuta. Bestalde, Ohorezko Aipamenak INDAFeko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez emango dira.
Hautagaitzak INDAFek izendatutako aholkularitza-batzorde batek baloratuko ditu, azaroaren 24ko 100/2021 Foru Dekretuan ezarritako irizpideen arabera. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren Aintzatespenak arautzen dira.
Irailaren 23ko 530/2026 Ebazpena, prozedura hasi eta hautagaitzakaurkezteko baldintzak eta epeak ezartzen dituena, esteka honetan kontsulta daiteke.
Proposamenak aurkeztea
Hautagaitzak aurkezteko formularioak Nafarroako Kirolaren webgunean daude eskuragarri. Interesa duten erakunde eta kolektiboek honako esteken bidez eskura ditzakete: